Irutxuloko hiria
Turista eta giria
Ederrean zatar zaren
Arrotzaren inbidia
Arrotzaren inbidia
Irutxuloko hiria
Mailegua, hipoteka
Bikoteka-bikoteka
Merkatuak bizitzari
Forma eman dio eta
Forma eman dio eta
Mailegua, hipoteka
Santa Klaratik hirira
Marea bareen mira
Baltsa apurtu batean
Pirata bat etorri da
Pirata bat etorri da
Santa Klaratik hirira
Kursaala ari da ozen
Hollywood txaloz berotzen
Oraindik entzuten zaitut
Xalbadorri txistu jotzen
Xalbadorri txistu jotzen
Kursaala ari da ozen
Bilintxek ahots bat baitu
Langile-eztarriz blaitu
Itsusitzat daukazunak
Ederrago egin zaitu
Ederrago egin zaitu
Bilintxek ahots bat baitu
Militarren alabantza
Danbor eta makil dantza
Zergatik izan nahi duzu
Erre zintuztenen antza?
Erre zintuztenen antza
Militarren alabantza
Plaza Berria, Konstia
Itzulpenaren hozkia
Nork bihurtu ote zuen
San Sebastian Donostia
San Sebastian Donostia
Plaza Berria, Konstia
Zuretzat nire mihia
Lorea eta ziria
Zatarrean eder zaren
Irutxuloko hiria
Irutxuloko hiria
Zuretzat nire mihia